Nolakoa da euskal artea? Zer da euskal artea edo euskal artista izatea? Historian zehar irudia eta identitatea nola uztartzen den puntu ezberdinetik aztertu izan da. Gaur Ane Lekuonak bere doktoretza tesian, “Euskal Herriko artearen historia feminista baten bila. Genealogia berriak josten. 1950-1972.”, oinarritutako euskal artearen berrikuspen feminista eskeiniko du. “Artea urrun sentitzen duen pertsona batentzat interesgarria suertatzea izango litzateke nire helburua. Konturatzea uste duena baino hurbilago daudela hausnarketa horiek eta gaur eguneraino iristen dela”.
Lekuona doktorea eta irakaslea da EHUko Arte Ederren Fakultatean, Artearen eta Musikaren Historiaren sailean. Bere lanak artearen historia, feminismoa eta kultur kritika hartzen ditu, nagusiki euskal testuinguruan zentratuta. Metropoli Forala saioan egon da eta artearen historiaren egindako berrikuspen eta ikerketaz hitz egin digu: “Nire lanaren funtsa da konturatzea historia ez dela gauza natural bat, eraikitzen den zerbait dela. Artearen historia noiz, nola, nortzuk eta ze ikuspuntutik eraiki den aztertu izan dut. Ikuspuntu feminista batetik eta generoari dagokionez, historiaren eraikuntza horrek ondorio handiak izan dituela erakustea”.
Gaur 19:00etan Laban izango da “Euskal artearen berrikuspen feminista: artea eta identitatearen arteko bidegurutzeak” solasaldia Anel Lekuonarekin eskutik. Eta zikloari amaiera emateko Oihane Macguinness eta Amaia Molinet artista nafarrak paisaiaz, memoriaz eta identitateaz arituko dira hurrengo asteazkenean.