Iker Tubia: “Dantza taldea osasuntsu mantentzen da harrobia zaintzen duelako”

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 10a

Oberena Dantza Taldeak 85 urte betetzen ditu eta ekimen ugari antolatuko ditu ospatzeko

1941ean, frankismo betean, bikoteka egiten ziren dantzak, oso hurbilekoak zirenak ez baitziren ongi ikusten. Beste mota eta estiloetako dantzak hobesten ziren eta Oberena Elkarteko kideek euskal dantzen taldea osatzea erabaki zuten orduan. Abuztuaren 1ean hasi ziren prestaketekin eta bi astetara dantza erakustaldia eskaini zuten Elon. Hasierako zortzikotea gizonez osatua zegoen. Urte bukaerarako emakumeak batu ziren taldera eta lehenengo emanaldia eskaini zuten abenduaren 3an Iruñean. Data esanguratsua, Oberena Dantza Taldearen eguna ospatzen baitute urtero.

Zortzi hamarkada luze hauetan hainbat mugarri izan ditu taldeak: Labriteko egoitza eta bertan egiten ziren eguberrietako ikuskizunak, Obanoseko misterioaren estreinaldian izan zuten parte hartzea, txistulari taldearen sorrera edota txikien taldearen sorrera.

Harrobia izan da Oberena Dantza Taldearen oinarria etorkizuna ziurtatzeko. Dantzan ikasten duten ume eta gazteek geroago iritsiko diren partaideei irakatsi behar dietelako dantzan. Horrela taldea sendo eta osasuntsu mantentzen da.

Aurten hainbat ekimen antolatuko dituzte 85. urteurrena ospatzeko. Hilero bideo bat igoko dute sare sozialetara, dantzari txikien topaketa egingo dute eta nazioarte mailako dantza jaialdia ere aurreikusi dute. Irrintzi Plaza saioan Iker Tubia elkarrizketatu dugu taldearen ibilbideaz hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!