Larunbatean, Arrotxapeko lehen libertimendua gozatu zuten langile auzoko euskaldunek. Edo Errotxapeako libertimendua, zirtzilariek xaxatzeko erabili zuten gaietako bat horixe izan baitzen: Euskaltzaindiak dioen bezala Arrotxapea den, ala herri mugimenduak darabilen moduan Errotxapea.
Auzolan auzotarrean, 20 bat zirtzilari, Ortzadarreko dantzariak, bertsolariak, fauna eta ikusle moduan, gozatzen, jendetza: 300 lagun inguru. Haien artean bat, Ximun Fuchs artedramalari erreferentziazkoa. Amaieran, denak dantzan: auzolanetik auzo-jauzira.
Ondoko otorduan, 160 bazkaltiar, giro ezin hobean. Asko eta asko, Bergara-urdin koloreko behargin jantziekin, libertimenduaren antolatzaileek hala janzteko eskatu baitzuten, auzoaren langile izaera eta Plazaola trenarekiko lotura nabarmentzeko. Arrakastatsua, zinez, Arrotxapeko, Errotxapeako, lehen libertimendua, Laba Elkartearen beka baten laguntzaz ondutakoa.
Egurra ezker eskuin
Plazan, ezker eskuin banatu zuten egurra: pertsona arrazializaturik gabeko arrazismoaren aurkako taldeak, Endika Alonso zinegotzi arrotxapearraren udaltzainak, pisu turistikoak eta auzoan pil-pilean dabiltzan beste hainbat gai aipagai, iruzkin bizi eta zorrotzen bitartez.
Zenbait dikotomia ere plazaratu zituzten: Patxi Larraintzar ikastetxeko guraso elkartea zaharrunoa vs Jai Batzorde gaztea, Ernai vs GKS -horrek eragin zuen barrerik handienak- eta, tarteka eta ohi denez, baita zirtzilariak vs bertsolariak ere.
Halako batean, zirtzilariek Runa parkean egiten duten Chanpions Burguer-aren aurka egin zuten. Arrotxapean bizi den Sustrai Colina bertsolariaren arrapostua, erantzun zien bestela ere auzoa nahiko hanburgesatua dabilela.
Datorren igandean, Iruinkokoaren txanda da. Langa oso goian paratu dio ibai ertzeko libertimenduak goi lautadakoari.