Afrikatik datorren migrazioa, Reas sarearen aurtengo ekonomia solidarioaren jardunaldietan

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 6a

Otsailaren 6tik 10era antolatutako hitzaldi eta solasaldietan migratzeko arrazoietan sakonduko dute, protagonistei ahotsa eman eta Nafarroa harrera herria ote den argitzen ahaleginduko dira

Afrikatik datorren migrazioan jarriko dute arreta Reas sarearen aurtengo ekonomia solidarioaren jardunaldietan. Gaurtik hasi eta asteartera bitartean hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dizute ‘Afrikatik hona: migrazioa, lana eta zaintza kolektiboa’ izenburupean.

Afrikatik datorren migrazio fluxu horien protagonistei ahotsa eman nahi die Reasek aurtengo jardunaldietan. Migratzeko arrazoietan jarriko dute arreta irekiera hitzaldian, Afrikaren egoera geopolitikoa aztertzearekin batera.

Afrika United elkarte panafrikarreko kide den Modou Faye ‘Beltxa’ arituko da Nahia Sanzo kazetariarekin batera arratsaldeko 6.30etatik aurrera Katakraken.

Nafarroa, harrera herria ote den erantzuten saiatuko dira bihar goizeko 11tatik aurrera Plazaran antolatutako solasaldietan. Eta horretarako migranteek hartuko dute hitza: urteak gurean bizitzen daramatenen, gazteen eta Nafarroan jaiotakoen testigantzak entzungo dira.

Egun zabaltzen ari diren gorroto diskurtsoei nola aurre egiteko gakoak ere zehaztu nahi dituzte jarraian egingo den lan dinamikan.

Asteartean itxiko da jardunaldia Katakraken, arratsaldeko 6,30etan. Lan eta bizi esperientzia eraldatzaileak ezagutzeko parada izango dugu.

Metropoli Forala saioan Miguel Angel Llamas eta Xanti Kiroga, Reas sareko kideak izan ditugu gonbidatu. Informazio guztia reas.red webgunean aurkitu dezakezue.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!