Ane Zelaia (Iruña Taldea): “Autokritika egin ondoren kauter mozorroa baztertzea erabaki dugu”

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 5a

Apropiazio kulturala eta arrazakeria ekiditeko asmoz Kautera jaia aldatu eta Muskilak ekimen berria jarri dute martxan.

1997an hasi ziren Iruñeko alde zaharrean Kautera jaia ospatzen. Azkeneko urteetan Iruña Taldeak hartu du antolakuntzaren ardura. Orain arte kauterez janzten ziren, baina azkeneko urteetan SOS Arrazakeria eta Gaz Kalo elkarteekin egindako lanaren ondorioz, eta apropiazio kulturala eta arrazakeria ekiditearren, eraldaketa prozesu bat abiarazi zuten. “Prozesu horretatik kimuak sortu dira. Eta muskila, lorea atera aurretik dagoen kimua da, udaberriaren etorrera iragartzen duena. Horixe bera egingo dugu guk”, adierazi du Ane Zelaia Iruña Taldeko kideak. Mozorro berria aukeratzeko, Iruña Taldeko kideak ez dira oso urrutira joan. San Lorenzo kalean dute egoitza eta aurretik Burulleria kalea zuen izena, bertan oihalarekin lanean aritzen zirenek zutelarik negozioa. Eta omenaldia egingo diete kale horretan lan egiten zutenei aukeratutako jantzien bitartez.

Jaia larunbata honetan, otsailaren 7an ospatuko dute. Goizeko 11:30ean hasiko da animalen dantzaren kalejirarekin. Bertan parte hartuko dute Iruña Taldeko zaldikoek, San Lorenzoko dantzariek edota suzko erraldoiek. Arratsaldeko 6:30ean Muskilden kalejira abiatuko da alde zaharreko kaleetatik. Azkenik, Bullicio peñan Margarito eta bere hartzak musika taldearen emanaldia antolatu dute gaueko 9etan.

Irrintzi Plaza saioan Ane Zelaia Iruña Taldeko kidea elkarrizketatu dugu jaiaren inguruko xehetasun guztiak biltzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!