Hilabetero moduan Geltokiko kultur agendari errepasoa emango diogu, ohikoa denez ekitaldiz beterik datorrelako otsaila ere. Lehenengo zita Xendra eta El mundo con Voz musika taldeen kontzertu akustikoarekin izango dugu otsailaren 6an. Amets Aznarez, Geltokiko kultura programatzaileak nabarmendu duenez, “Xendra taldea Uharten sortutako egitasmoa da. Egunerokotasunean musika konposatu eta elkarrekin jotzea gustuko duten zazpi gaztek osatutako sorkuntza proiektu bat. Bakoitzaren bizipenen ikuspuntutik, ahal den heinean, gai unibertsalei helduko dien musika du helburu, pop, rock eta folk doinuz eta euskal hitzez osatutako kantak proposatuz”. El mundo con Voz talde txantrearrak 2023an argitaratu zuen azkeneko lana. Ostiraleko kontzertuan, oraindik ere argitaratu gabe dauden abesti berriak entzuteko aukera izango dugu.
Otsailaren 20an berriz, Nabiga Kolektiboaren txanda izango da. Nagore Tamayo Goñi eta Amaia Martinez dira Nabiga Kolektiboaren ‘Nondik Abiatu Inora’ ikuskizuneko dantzariak eta Geltokiko oholtza gainera igoko direnak.
Proposamen gastronomiko asko egongo dira hilabetean zehar. Otsailaren 12an dastaketa konbinatuko saio berri bat antolatu dute. Oraingoan, Xorta artisau garagardoa eta Jeinegenekoa etxeko esnekiak dastatu ahalko dira. Otsailaren 27an berriz, txiki gastro showaren txanda izango da, zero eta lau urte bitarteko umeentzat bideratua. Azkenik, Ekotopaketa ere antolatu dute Ion Gulina Geltokiko sukaldariarekin. Otsailaren 26an izango da.
Irrintzi Plazan Amets Aznarez Geltokiko kultura programatzailea gonbidatu dugu agendaren inguruko xehetasunak jasotzeko. Informazio guztia www.geltoki.red webgunean aurkituko duzue.