KIROLERRIA

Beste urrats bat bide onean

Eñaut Agirrebengoa 2026ko otsailaren 2a

Gizonezkoen Osasunak bina berdindu zuen larunbatean Sadarren ligako laugarren sailkatuaren aurka. Gorritxoek oso estu hartu zuten Vila-real, eta gutxi falta izan zitzaien garaipena bere egiteko. Emakumeek, ordea, epikaren bidetik irabazi zioten Betisi, azken txanpan markagailua iraulita

Sadarren goi-tentsioko neurketa jokatu zen, eta zati handi batean, Osasunak bere bertsiorik elektrikoena eskaini zuen. Hori horrela, azkar batean eman zion buelta Gerard Morenok 17. minutuan penaltiz egindako golari. Banakoa Victor Muñoz geldigaitzak sartu zuen, eta atsedenaren atarian, Budimirrek sinadura ipini zion gorritxoek eskuin hegaletik egindako jokaldi itzelari. Kroaziarrak ligan sartu duen hamargarren gola izan zen.

Atsedenaren ondoren, eutsi egin zion bizitasunari Nafarroako taldeak, baina atzerantz egin zuen minutuek aurrera egin ahala. Dena den, defentsan bikain eutsi zien Vila-realen saiakerei, eta horregatik, mingarria izan zen berdinketaren gola korner batean jasotzea. Zaleek, gainera, haserre bizian amaitu zuten partida, Ricardo De Burgos epaileak harturiko hainbat erabakiren ondorioz.

Gauzak horrela, asteburua bederatzigarren postuan amaitu du Osasunak, 26 punturekin, eta hurrengo partida ostiralean jokatuko du, Celtaren zelaian.

Josu Dominguezen Osasunak, berriz, hiru puntu mamitsu zakuratu zituen amaiera zirraragarria izan zuen partidan. Betis aurretik ipini zen 81. minutuan, baina gorritxoek ez zuten amore eman. Partida Sarriegik berdindu zuen, eta azken jokaldian, eromena piztu zen Taxoaren, Claudia Jimenezek kornerrez 2-1ekoa ezarri ostean. Nafarrek playoff postuetan jarraitzen dute, eta larunbatean Vila-real aurkari zuzenari egingo diote bisita.

Horretaz guztiaz mintzatu gara Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!