Hamabi film, horietatik lau euskarazko azpitituluekin, Zinema eta Zientzia zikloaren bederatzigarren edizioan

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 12a

Klasiko handiak zein film garaikideak, askotariko filmak erakutsiko dira Euskadiko Filmategiak, Donostia INternational Physics Center-ek eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako zikloaren eskutik

Zinema beste modu batean, begirada zientifikoarekin ikustean datza Zinema eta Zientzia zikloa. Aurten bederatzigarren edizioa du Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean antolatzen duten egitarauak. Joan zen astean abiatu zen, eta martxoaren amaierara arte luzatuko da. Denetara hamabi film eskainiko dira, horietatik lau euskarazko azpitituluekin. "Euskara eta kultura eskutik doaz", azpimarratu du Txema Muñoz Euskadiko Filmategiko programazio arduradunak, "ezin da bata bestea gabe ulertu".

Edizioz edizio interesa piztu duen egitaraua da Zinema eta Zientzia zikloa, hausnarketarako eta izpiritu kritikoa elikatzeko baliagarri suertatzen dena. Izan ere, emanaldi guztiak zientzialari adituen hitzaldiekin lagunduta joanen dira, proiektatutako filma begirada zientifikoarekin aztertzea ahalbidetzen duena. Joan zen astean abiatu zen zikloa Simioen planeta-rekin, eta aste honetan, urtarrilaren 15ean, emanen da euskarazko azpitituluak izango dituen lehenengo filma, François Truffautek 1970ean zuzendutako L'enfant sauvage (Haur basatia). Otso artean hazi zen haurraren benetako istorioa kontatzen duen filmaren ondotik Amaia Carrion Castillo neurozientzialariak hizkuntzaren gaitasun neurologikoak izanen ditu mintzagai. 

Datorren astean, urtarrilaren 22an, The social network (Sare soziala) proiektatuko da, hau ere euskarazko azpitituluekin, David Fincherrek 2010ean zuzendutako film ospetsua. Sare sozialen jatorriaren erretratua da filma, eta ikus-entzuleak gaur egungo denbora definitzen duen abiapuntu batera eramango ditu. Euskarazko azpitituludun filmeekin jarraituz, bi klasiko handik osatuko dute egitaraua: The nutty professor (Irakasle zoroa), Jerry Lewisek zuzendu eta protagonizatzen duen filma; eta The trid man (Hirugarren gizona), Carol Reeden 1949ko klasikoa. Egitarau osoa eta sarrerak dagoeneko Golem Baiona zinemen webgunean erosi daitezke, 4 euroan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!