Ez da azken egunetan Memoria Leku bati egindako eraso bakarra. Izan ere, duela gutxi Germán Rodríguez-en oroimenezko estela ere bandalizatuta agertu da, hiriburuko Errotxapeako etorbidean. Sanfermines 78: gogoan! plataformak azaldu duenez, estelaren ondoan dagoen plaka aldatu dute.
Plaka horretan honako testua agertzen da jatorriz: “Germán Rodríguez Saizen oroimenez, Poliziaren tiro batek hil zuen 1978ko uztailaren 8an”. Bada, testu hori estaltzen duen beste idazkun bat jarri zuten, honako mezuarekin: «Germán Rodríguez-en oroimenez, 1978ko uztailaren 8an ezker abertzalearen eskutik hila. Germán Herria zurekin». Plataformaren arabera, testu berria plastiko gogor batean inskribatuta dago, aurreko plakaren neurri berean moztuta, guztiz estaliz eta kola sendo batez itsatsita. Horregatik, azpimarratu dute ez dela bat-bateko eraso bat, baizik eta aurrez pentsatutako eta prestatutako ekintza.