German Rodrigezen plaka erasotu dute

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 23a

Germanen oroimenaren eta haren senide eta lagunen sentimenduen aurka egiteaz gain, hiriaren oroimen kolektiboaren aurka egindako atentatu bat dela salatu du plataformak. "Ezker abertzalea" German Rodriguezen hilketaren erantzule egitea, “lotsagarria" dela ere iritzi dio plataformak.

German Rodrigezen omenezko plaka erasotu dute enegarrenez. Oroitarriaren parean dagoen plakaren gainean plastiko gogorreko eta neurri bereko xafla bat jarri dute eskuz idatzitako inskripzio batekin.

Jatorrizko plakak hala dio: “German Rodrigez Saizen oroimenez, Poliziak tiroz hil zuen 1978ko uztailaren 8an”. Eta erasotzaileek polizia hitza ordezkatu eta “ezker abertzaleak hila, German herria zurekin” idatzi dute.

78ko Sanferminak Gogoan plataformak salatu du gertatutakoa eta ohartarazi dute ez dela “bat-bateko pintada hutsa, aurrez pentsatu eta prestatutako baizik”. Izan ere, testua plastiko gogor batean dago inskribatuta, aurrekoaren neurrira moztuta eta erabat estalita eta sendo itsatsita.

Germanen oroimenaren eta haren senide eta lagunen sentimenduen aurka egiteaz gain, hiriaren oroimen kolektiboaren aurka egindako atentatu bat dela salatu du plataformak. Gainera, gogora ekarri dute hamaika izan direla dagoeneko oroitarriari egindako erasoak urteetan zehar.

"Ezker abertzalea" German Rodrigezen hilketaren erantzule egitea, “lotsagarria eta lotsagabea” dela ere iritzi dio plataformak. Eta dei egin du horrelako erasoak inpunitaterik gabe ez uztera eta erantzutera. Izan ere, Germanen hilarria eta Gogoan eskultura ofizialki eta legez Nafarroako Oroimenerako Leku izendatuta daude.

1978ko uztailaren 8an Espainiako Polizia Nazionalak tiroz hil zuen German Rodrigez gazte iruindarra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!