KIROLERRIA

Liderra zangotrabatzeko zorian

Eñaut Agirrebengoa 2025eko abenduaren 15a

Osasunaren gizonezko taldeak 2-0 galdu zuen larunbatean Bartzelonaren zelaian. Gorritxoek estu hartu zuten ligako liderra. Harro bukatu zuten partida, baita haserre ere, Herrandori baliogabetu zioten golaren harira. Emakumeek ere kale egin zuten, AEMen kontra (1-2)

Osasunak harro egoteko moduko erresistentzia ariketa egin zuen larunbatean Bartzelonaren zelaian. Talde gorritxoak neurria hartu die talde handienen zelaian jokatu beharreko partidei, eta Real Madrili, Atletico Madili edota Vila-reali bisita egin zienean bezala, oso garesti saldu zituen hiru puntuak ligako liderraren aurka.

Bartzelonak ordubete baino gehiago pasa zuen golik sartu ezinda. Eta horren arrazoia, Osasunaren sendotasuna izan zen. Tarteka, gainera, arriskua sortu zuen talde gorritxoak, batez ere Victor Muñozen abiada baliatuta. Budimirrek bizpahiru aukera izan zituen kontraerasoak errematatzeko, eta Victorrek berak ere gertu izan zuen gola nafarrentzat.

Guztira bi gol baliogabetu zituen Adrian Cordero epaileak; lehena, Bartzelonari, 23. minutuan, Raphina jokoz kanpo zegoelako korner bat atera berritan. Hautsak gehiago harrotu zituen Herrandori kendu zioten golak: Catenak falta egin zion Joan Garciari, baina aurrez, desorekatu egin zuten atzelari gorritxoa. Jokaldi hori ia oharkabean igaro zen VAReko epaileentzat.

Neurketa 1-0 zegoen momentu horretan. Etxekoen lehen gola Raphinak egin zuen, trantsizio zital batean, eta Herrandoren gola ezerezean geratu berritan, berriz ere baloia sareratu, eta neurketa erabakita utzi zuen brasildarrak. Azkenean, 2-0. Osasunak 16. postuan bukatu du asteburua, 15 punturekin.

Emakume gorritxoek ere galdu egin zuen: 1-2 AEM Lleidaren aurka. Hori horrela, garaipenik gabeko hiru jardunaldi kateatu ditu Josu Dominguezen taldeak. Etxean oso sendo zebilen, baina atzo, galdu egin zuen bigarrenez.

Erantzun azkarra eman zion bisitarien gol goiztiarrari; ordea, ez zuen suspertzerik izan 60. minutuan 1-2koa jaso ondoren. Bere txarrean, playoff postuetan jarraitzen dute nafarrek. Orain, atseden hartuko dute urtarrilaren 11ra arte. Hurrena Real Madril Brekin neurtuko dituzte indarrak.

Hori guztia aztergai izan dugu Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!