KIROLERRIA

Garaipen lasaigarria

Eñaut Agirrebengoa 2025eko abenduaren 9a

Lisciren Osasunak urrezko hiru puntu lortu zituen bart gauean Sadarren, Levanteren aurka. Victor Muñozen eta Ruben Garciaren golek erabaki zuten neurketa (2-0). Emakumeek, berriz, kale egin zuten larunbatean Alaves liderraren zelaian (1-0)

Azkenean, Ligako partida bat irabazteko gai izan da Osasuna. Sei partidako lehorteari atzo gauean eman zion amaiera, azken sailkatua den Levanteren kontra. Lisciren taldeak eraginkortasuna izan zuen ardatz garaipena lortzeko bidean, eta askotan iheskorra izan zaion zortea ere alde izan zuen.

Gorritxoek aparteko distirarik gabe menderatu zuten Levante. Hori bai, lehen ordu laurdenean, aspaldiko partez, zirrara eragin zuten Sadarreko harmailetan, joko elektriko eta grinatsua eginda. Hasierako oldarraldi horrek, gainera, eragina izan zuen markagailuan: burukada zital baten bidez, Victor Muñozek aurretik ipini zuen Osasuna.

Victorren burukada bezain zehatza izan zen Ruben Garciak bidali zion erdiraketa. Valentziarra protagonista bilakatu zen partidak aurrera egin ahala, lehen golean pase erabakigarria emateaz gain, 2-0ekoa sartu baitzuen 36. minutuan. Ordurako, apaldua zen nafarren aparraldia, eta Levante gaina hartzen hasia zitzaien. Baina patua Osasunaren alde zegoen atzo, eta Ruben Garciak errebote bati esker handitu zuen gorritxoen abantaila.

Bigarren zatietan, desitxuratzeko joera izan du Lisciren taldeak; atzo, ordea, tinko eutsi zion errentari. Hirugarren gola egiteko aukera bikaina izan zuen Budimirrek, eta hortik aurrera, ordena eta kontrola mantendu zituen Osasunak. Levantek pare bat aukera garbi sortu zizkion, baina markagailuan ez zen beste aldaketarik izan.

Azkenean, 2-0. Garaipenari esker, nafarrak 15. postuan kokatu dira sailkapenean, 15 punturekin. Hurrengo partida larunbat honetan jokatuko dute, Bartzelona liderraren zelaian.

Hain justu, Josu Dominguezen Osasunak lehen sailkatuaren aurka jokatu zuen iragan larunbatean. Alavesen zelaian punturen bat urratzeko esperantzaz ziren gorritxoak, baina esku hutsik utzi zituen Raquel Gilek 86. minutuan sartu zuen golak. Hori horrela, amaitu egin da Osasunaren bolada ona: zazpi partida zeramatzan galdu gabe. Playoff postuetan jarraitzen du, baina lidertza 11 puntura urrundu zaio.

Hori guztia aztergai izan dugu Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!