KIROLERRIA

Alarma gorria piztu zaio

Eñaut Agirrebengoa 2025eko azaroaren 24a

Osasunaren gizonezko taldeak 1-3 galdu zuen larunbatean Realaren aurka, eta horrenbestez, bost partida daramatza jarraian irabazi gabe

Jokoan izandako azken hamabost puntuetatik bakarra lortu dute gorritxoek. Txuri-urdinen aurka, lehengo lepotik izan zuten burua. Izan ere, aurrea hartu zuten lehen zatian, baina amildu egin ziren aldageletatik itzuli ondoren.

Atsedenera bitarte, hainbestean aritu zen talde nafarra. Partidari grinaz ekin zion, gero atzerako urratsak egin zituen, eta aldageletara iritsi aurretik, gogor oldartu zen aurkariaren area inguruan. Saria 42. minutuan iritsi zen, korner batean, Catenaren eskutik.

Futbolean, sarri esan ohi da lehen kolpea ematea dela zailena, baina Osasunarentzat, lege hori ez da balekoa. Gorritxoen kasuan, aldeko emaitzei eustea da benetako erronka, eta Realaren aurka ere, ez ziren errenta defendatzeko gai izan. Donostiarrek 6 minutuan irauli zuten egoera, eta azken txanpan erabakita utzi derbia, Barrenetxeak ia zelai erditik sartutako golari esker.

Gauzak hala, Osasuna jaitsiera postuen atarian geratu da. Putzuan zegokeen atzo Gironak Betisi irabazi izan balio. Lehen 13 partidak jokatuta, 11 puntu ditu zorroan Lisciren taldeak.

Krisiaren analisia egin dugu Kirolerriko Osasun-etxean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!