Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin lankidetzan, udazkeneko kultur programazioaren baitan bigarren jarduera bat proposatu du gaurko: 'Elurra'. Arratsaldeko 19:30ean Kondestablearen Jauregian taularatuko dute ikuskizuna.
Poesia errezitaldi musikatu bat da Elurra. "Poemek eta kantuek elurraren antzeko albo-ondorioak dituzte, batzuetan oztopo direnak eta beste batzuetan gorputzeko atalak sentiarazteko eta denborari neurria hartzeko balio dutenak", azaldu dute. Hari narratiboa ‘Zerua Berun’ Castillo Suarezen liburua da.
Elurra egiten duen bitartean, elurra egiten duen abestiak eta poemak bilatu dituzte egileek, elurretan nola ibili erakusteko, bizitako esperientziak galdu gabe. Errezitaldian Castillo Suarez idazlea eta euskaltzaina eta Sara Zozaya musikaria izango dira; poesia, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituzte emanaldian. Sarrera librea da edukiera bete arte.