Jazarpen inmobiliarioa salatu dute Mercaderes karrikako 18. zenbakiko bizilagunek

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 3a

VDR-Vidaurre enpresak pisu turistikoak eraiki nahi ditu bertan baina alokairuan diren maizterrek ez dute etxea utzi nahi. Orain, enpresak, obra hondakinez bete ditu pasabideak, igogailua itxi eta ur beroa moztu. “Vidaurreri aurre!” lelopean hasi dira bizilagunak mobilizatzen.

Mercaderes karrikako 18. zenbakia obretan dago, baina bertan ez da langilerik ikusten. Ataria obra hondakinez beteta dago, lurra altxatuta eta zenbait pasabide zurkaiztuta daude. Baina bizilagunek ez dakite zertarako diren lan ikusezin horiek. “Vidaurreren azken eskaintzari ezetz egin eta hurrengo egunean hasi ziren obrak” azaldu du Angela Uriguen bizilagunak, “Obra hondakinak nonahi, igogailua itxita, bizilagun zenbait ur berorik gabe, beste batzuk  internet konexioa moztuta…beste modu batera esanda, jazarpen inmobiliarioa egiten ari da Vidaurre gure kontra”.

Eraikuntza enpresaren helburua, maizter hauek kanporatu eta bertan 11 etxebizitza turistiko ezartzea da, horretarako lizentzia baitu. “Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea turismoaren negozioak ondorio kaltegarriak dakarzkiola langile-klase osoari eta inguruneari, bereziki Alde Zaharra bezalako auzoetan” adierazi du Uriguenek, “Ondorio horien artean daude bizilagunak beren bizitokitik kanporatzea, modu zuzenean, ostatu turistikoak egiteko lehen bertan bizi ziren inkilinoak kaleratzen dituztenean, eta baita zeharka ere, prezioen igoeraren eta aukera-faltaren eraginez, sektore pobretuenek auzotik alde egin behar izaten dutenean edota gazteak ezin direnean beren auzoan emantzipatu. Horiez gain, badira beste ondorio negatibo batzuk ere, besteak beste lan[1]baldintza prekarioak eta bizitzaren garestitzea eta espazio eta sare komunitarioen degradazioa; izan ere, turismoaren negoziotik etekinak ateratzen dituzten horien zerbitzura jartzen da hiria”. Prentsa aurrean agerraldia amaituta, obra hondakinak Vidaurre-VDR enpresaren egoitzara eraman dituzte bizilagunek, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideen laguntzaz. 

Mercaderes karrikako 18. Zenbakiko bizilagunak, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera “Vidaurreri Aurre!” lelopean antolatu dira eta dei egin die Alde Zaharreko beste auzokideei, antolatuko diren protestetan parte hartzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!