Zazpi auzo elkarterekin batera eginen du lan Iruñeko Udalak adingabeen eskubideen defentsan eta babesean

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 29a

Iruñeko Alde Zaharreko Aldezar Elkartea, Sanduzelaiko Umetxea; Txantreako Siñarzubi; Ermitagaña eta Mendebaldean aritzen den Hazialdea Elkartea, Arrotxapeko Batean izenekoa; Buztintxuriko Buztintxureando eta Etxabakoizko Etxabakoitz Bizirik elkarteak haurrekin eta nerabeekin konprometitutako agente babesle gisa aitortu dituzte eta hitzarmena sinatu dute baliabidez hornitu eta elkarlanaren bidez lanean segitzeko.

Araudi berriaren bidez aldatu egin da orain arteko kolaborazio formula Iruñeko Udalaren eta auzo elkarte zenbaiten artean. Orain, "erantzunkidetasun-konpromisoa" hartu dute alde guztiek, eta prebentzio komunitarioko eredu publiko bakar bat finkatu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, tokiko administrazioek eta haur eta nerabeen sare komunitarioek parte hartzen dutena.

Iruñeko Udalarekin sinatu dituzte akordioak zazpi elkarteek: Iruñeko Alde Zaharreko Aldezar Elkartea, Sanduzelaiko Umetxea; Txantreako Siñarzubi; Ermitagaña eta Mendebaldean aritzen den Hazialdea Elkartea, Arrotxapeko Batean izenekoa; Buztintxuriko Buztintxureando eta Etxabakoizko Etxabakoitz Bizirik-ek. Haurren eta nerabeen zazpi komunitate-erakunde dira, zazpi auzotan aritzen direnak. Urte askoan 3 eta 17 urte bitarteko adingabeekin egin dute lan eskerga: indarkeria- edo babesgabetasun-egoerak prebenituz, garaiz detektatzen lagunduz edo egoera horietan esku hartzeko jarduerak gauzatuz. Iruñeko Udalean izan dira zazpi erakunde horietako ordezkariak Zaloa Basabe Berdintasun, Ekintza Komunitario eta Auzoetako zinegotziarekin: "Oso berri ona da ekitaldi honekin bideratzen duguna. Hitzarmen honen sinadurarekin elkarlana eta elkar aitortza sustatuko ditugu. Haurrak eta euren eskubideak erdigunean jarriko ditugu". Auzoentzako sustapen eta prebentzio komunitarioko proiektu bat da, gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza, haurren eta nerabeen parte-hartzea, sarean lan egiteko eta koordinazioa, prestakuntza eta errealitatearen etengabeko azterketa barne hartzen dituzten proposamenekin. Lauhileko honetan, elkarte bakoitzak 14.000 jasoko ditu 2025eko irailetik abendura bitartean egiten duten lanerako. Guztira, 2025ean, Udalak 98.000 euro emanen dizkie, eta lan-espazio egonkorretara eta udal-lokaletara sartzeko erraztasunak emanen dizkie, batez ere zentro komunitarioetan.

"Erreferentziazko" dira auzoetan

Sanduzelaiko Umetxea erreferente bat da auzoarentzat. Urte asko daramatza bertako haurrei arreta eskaintzen. Bizilagunei ematen diena ezinbestekoa da garapen osasuntsu baterako. Unax Fernandez Iribarren Umetxea Elkarteko kidea da: "Pozgarria da gaurko hizarmena. Azken bost urteotan bizitakoa hitzekin ere ezin baita deskribatu". Azken urteak ez dira batere errazak izan haientzat "oztopoz eta trabaz beterik". Hitzarmen berri honek ateak zabaldu eta aukerak emanen dizkiela ziur dira: "Lehen pauso garrantzitsua da. Elkarlanean ariko gara haurrak eta nerabeak babestu eta haiekin lanketan segitzeko". Oraindik ere hutsune asko daude egiten duten lan horretan guztian auzo guztietako elkarteen ustez. Hortaz, ibilbide baten hasiera baino ez dadila izan hitzarmena, horixe nahiko lukete. Arrotxapea auzoan Batean izeneko elkartea ari da lan hori egiten. Denbora libreko jardueren bidez heziketa eremu bat sustatzen ari dira. Haurren garapena dute xede. Orain, ibilbide berri bati emanen diote hasiera, bi pertsona erreferente izanen dituztelako boluntarioekin batera.

Konpromisoa, lan eta neurri konkretu gehiago behar dituztela ere adierazi dute. Elkarteen indarra eta hezkuntza komunitarioan eragiteko duen gaitasuna aitortu behar dela ere uste dute. Eskumen gehiagoren ahalmena eta baliabide gehiagorena eskatu dituzte etorkizunari begira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!