Euskarabidearekin elkarlanean antolatutako Sarean Euskaraz jardunaldien arrakasta begi bistakoa da: “Oso pozik gaude orokorrean gustura egon direla transmititu digute”. Hala mintzatu da Jabi Arakama Euskarabideko zuzendaria.
“Gehiegitan euskara seriotasunarekin lotzen da” eta funtsezkoa iruditzen zaio Arakamari gazteen iritzia entzutea. Hori kontuan hartu, eta ikasteko izandako denbora baliatuta, Sarean Euskaraz jardunaldien bederatzigarren edizioa egitera iritsi dira; “poliki-poliki” eta urtero berritasunak sartuz.
Oreka ere garrantzitsua da: “ezin ditugu eduki ikasleak goiz osoan mintzaldiak jasotzen”. Ikasleen arreta eta interesa mantentzeko eraginkorragoa den bidea bilatu eta praktikotasuna lehenetsi dute.
Arakamaren hitzetan, “zalantzarik gabe” helburua euskara lotzea modu positiboan digitalizazioarekin, pantailekin edota kultura digitalarekin. “Euskaraz dauden produktu interesgarrietara hurbildu eta aldarrikatzea euskarazko sormena posible dela, oso gauza politak egiten ari direla”, gaineratu du Euskarabideko zuzendariak.