Diziplina anitzeko jaialdiak zortzi alorretako hamaika ikuskizun hartzen ditu, horietako bostek sarrera librea dute, eta guztiek euskal kulturaren erreferente handiak eta sortzaile berriak uztartzen dituzte. Iruñeko Udala eta Loraldia dira jaialdiaren antolatzaileak, eta Euskarabideak eta Laboral Kutxak babesten dute.
'Geroa gaur' lelopean euskarazko kultur programazioan erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da jaialdia. Iruñea kultur grabitate gune bihurtzeko asmoarekin sortu zuten Iruñaldia, sorkuntza garaikidea erakartzeko, euskararen eta haren kultur adierazpenen tradizioa eta abangoardia modu naturalean uztartuz.
Bigarren edizioa izango da aurtengoa eta estreinaldi bat izango du ardatz: 'Ikimilikiliklik' ikuskizuna, Loraldiaren ekoizpen berriena, primizian estreinatuko dute azaroaren 14an Baluarten. Ekoizpen honetan Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garalucek parte hartzen dute, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean.
Gainontzeko proposamenen artean lagun askok parte hartuko dute: Olaia Inziarte, Mursego, Joseba Irazoki, Uxue Rey, Eduardo Valencia, Zirkozaurre, Josu Goikoetxea, Jon Lopez, Martxel Rodriguez, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain, Itziar Garaluce, Edurne Azkarate, Markos Goikolea, Ugaitz Alegria, Getari Etxegarai, Geltoki, Aukeran, Edu Muruamendiaraz, Piszifaktoria ideien laborategia, eta Fikzio fabrika.