Proiekzioetan aditua da Martintxo Etxauri, baina ez zinemako pantaila arruntetan egiten diren horietan, baizik eta bideo mappingean. “Eraikin batean proiektatutako irudia” da jendeak gehien ikusi duena “eraikina mugitzen dela, leihoak irekitzen direla…”, baina bideo mappinga hori baino gehiago da. “Bideo mappinga teknika multzo bat da ahalbidetzen diguna guk proiektatzea proiekzioa jasotzen duenaren formarekin eta geometriara doitu ahal izatea”, azaldu du Etxaurik.
Errealitate fisikoa eta digitala nahasten ditu. Sarean Euskaraz jardunaldietako tailerretan nerabeei hori azaltzeko adibide praktikoak erabiltzen dituzte: “ikaskideak kamera baten azpian jartzen dira eta beste kide batek margotutakoa haien gainean proiektatzen dugu”. Ikasleek ongi pasatzen dutela aitortu du Etxaurik. “Ikusmirarekin” amaitzen dute ikasleek tailerra.