Sarean Euskaraz 2025

Iñigo Martinez: “Programa honek arrakasta handia dauka lortu duelako erabateko irismena D ereduko ikastetxeen artean”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 13a

Sarean Euskaraz jardunaldietako koordinatzailea da Iñigo Martinez Monasterio eta jardunaldien sorreraz eta nondik norakoez mintzatu da. Euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazi nahi dituzte gazteen artean.

Ideia zoragarri baina ero bat otu zitzaion duela bederatzi urte Iñigo Martinez Monasteriori. Egun, Sarean Euskaraz jardunaldietako koordinatzailea da. “Gauza gehienak sortzen diren bezala” hasi zen proiektu hau. Gauzak lotzen hasi eta Ipar Irlandako Digital Culture ekimena ardatz, Euskal Herrian lurreratu zuten proposamena.

“Interesa” eta “beharra” zegoela ikusita, 2017an Euskarabidearen eskutik berreskuratu zuten ideia eta jaialdi formatutik jardunaldi formatura pasa zuten eta egun ehunka ikasle biltzen ditu urtero. “Balorazioa oso positiboa izan zen, eta zortzi urte beranduago hemen gaude, bederatzigarren edizioa antolatzen, pozaren pozez”, azaldu du Martinezek.

“Programa honek nire ustez arrakasta handia dauka, besteak beste, lortu duelako erabateko irismena. Iruñerriko D ereduko ikastetxeen artean, ikastetxe guztiek parte hartu dute aurten”, adierazi du koordinatzaileak. 900 ikasle inguru hurbildu dira aurten Baluartera, ikastetxe eta adin ezberdinetakoak. Aurten gainera, nobedade bezala Lanbide Heziketako ikasleak ere bertaratu dira.

3D inprimagailuak, bideo-mappinga, sare sozialetan nola mugitu, zuzeneko musika eta beste hamaika tailer. Finean euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ezagutarazi nahi dituzte gazteen artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!