Josu Dominguezenek meritu eta balio handiko garaipena lortu zuten. Lehen jardunaldietan oso irregular aritu ondoren, bi garaipen kateatzeko aukera zuten. Eta, halaxe gertatu zen: Claudia Jimenezek 53. minutuan sarturiko golak garaipena eman zion Osasunari.
Golaren pozak, hasiera batean, gutxi iraun zien gorritxoei. Izan ere, Laura Teruelek txartel gorria ikusi zuen berehala. Dena den, taldeak tinko iraun zuen defentsan, eta erasoan aukera gehiago sortzeko gai ere izan zen.
Azkenean, 1-0. Osasuna seigarren dago orain sailkapenean, bederatzi punturekin, eta datorren larunbatean Betisen zelaian jokatuko du.
Gizonek, berriz, ez dute Ligako neurketarik izan azken asteburuan. Ostegunean, hori bai, entrenamendu partida bat jokatu zuten Realaren aurka, eta txuri-urdinak izan ziren nagusi, 2-0.
Gorritxoek lau defentsako sistema erabili zuten, eta ikusteko dago Alessio Liscik apustu horri jarraipena ematen dion ala ez. Kontua da taldeak pizgarriren bat behar duela, orain arte egindako jokoa ez baita nahi bezain gustagarria izan.
Hori guztia mintzagai Osasun-etxeko solasaldian.