Sarean Euskaraz jardunaldietan “Esparru digitaleko harreman sexu-afektiboak” izeneko lantegia antolatu dute. “Eredu digitalaren azterketa nahiko berria da, gauza asko jakitear daude oraindik alor horretan. Ikasleekin egiten dugun gerturapena beldurretatik eta arriskutik izaten da. Espazio arriskutsua izan daiteke, baina alor digitaletik kanpo gertatzen direnak bezainbeste. Arriskuak ezagutzen saiatzen gara eta horiek prebenitzeko, eta norbera espazio digitaletan gustura egoteko estrategiak garatzen ditugu”, adierazi digu Emaizeko kide Aitziber Mendiluzek.
Emaizeko kidearen esanetan, “batzuetan ez dakigu zenbat denbora ematen dugu pantailen aurrean eta zenbat aldiz jartzen dugun gure burua arriskuan teknologiak erabiltzen ari garenean. Gazteen arazoa dela ematen du, baina helduek ere asko erabiltzen ditugu teknologiak”. Alor sexualean eta afektiboan, pantailaren atzean pertsonak daudela ere kontutan hartu behar dugula adierazi du Mendiluzek. “Mundu birtuala izanik, sareetan ematen diren egoera bortitzen atzean pertsonak daude. Gertatzen diren gauzak sentitzen ditugu. Beraz, bakoitzaren baliabide eraikitzen laguntzen saiatzen gara”.
Mugikorrarekin zenbat ordu pasatzen dugun ikusteko modua dago. Ezarpenetan, ongizate digitala izeneko atal bat dago. “Sustoa hartzen dute aplikazioa begiratzen duten gehienek. Zortzi orduz mugikorrarekin ari denik ere badago”. Bizitzan garrantzitsuak diren gauzei denbora kentzen diegu teknologiekin egoteagatik. Ikusle pasiboak gara batzuetan sare sozialetan gertatzen diren indarkeria egoeren aurrean. Indarkeri jokabide hori ez da osasuntsua eta norberaren barrena mugitzen saiatzen gara” adierazi digu Aitziber Mendiluzek.