Sarean Euskaraz 2025

Mugikorra egunean bataz beste bi ordu eta sei ordu erabiltzen dituzten bi gazte parez pare

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 10a

Sarean Euskaraz jardunaldietan parte hartu duten bi ikaslerekin izan gara: Maria Ana Sanz ikastetxeko Ieltxu eta San Fermin Ikastolako Aitana. Haien mugikorraren eta sareen erabileraren inguruan eta jardunaldietan ikasitakoaz aritu dira.

Maria Ana Sanz ikastetxean Informatika ikasketak egiten ditu Ieltxuk eta Aitanak San Fermin Ikastolan Digitalizazioa izaneko ikasgaia egiten du. Hartara, biek egin dute bat Sarean Euskaraz jardunaldietan. Hala ere, haien errealitate teknologikoa bestelakoa da.

Ieltxuk ez du sare sozialik erabiltzen. Aitana ordea, ahal duen guztietan aritzen da. “Nik ez dut joera hori izan. Herri batean bizi naiz eta hor ez dago sarerik”, azaldu du Ieltxuk. “Sare sozialek zein jabe dituzten dakidanez, ez dut hor sartu nahi”, gaineratu du. Aitanak berriz, sareak maite ditu eta guztiak ditu. Hala ere, horrek sortzen dion menpekotasunaz kontziente da, “ez da oso ona, baina sartzen zarenean ezin zara atera”.

Mugikorraren erabilpena eta segurtasunari buruzko saioak jaso dituzte biek ala biek eta nabarmentzekoen artean, “Wifira konektatzen zarenean zuri buruz lortu ahal dituzten datu guztiak” azpimarratu dute. Aitanak ere, sareetako segurtasuna eta pantailaz bestalde egiten diren iruzkinen inguruan egindako hausnarketa nabarmendu du, “jendea ez da oso kontzientea eta bitan pentsatu behar duzu zer egiten duzun”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!