Sarean Euskaraz 2025

Ana Ollo: “Euskara ez da museoko pieza bat, bizitzeko tresna eta hizkuntza baizik”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 10a

Gazteria, euskara eta teknologiak uztartzen ditu Sarean Euskaraz ekimenak. Ana Ollok laugarren alor bat gaineratu du: ongi pasatzea.

Nafarroako Gobernuarentzat estrategikoak diren hiru alor uztartzen ditu Sarean Euskaraz ekimenak: euskara, gazteria eta teknologia berriak. “Nik laugarren alor bat gehituko nuke: ongi pasatzearena. Euskara ez da museoko pieza bat, bizitzeko tresna eta hizkuntza izan behar da”, adierazi du Ana Ollok, Nafarroako lehendakariordeak eta Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak. 900 ikaslek parte hartu dute hiru areto desberdinetan banatuta antolatutako lantegi eta ekimenetan. Ana Olloren aburuz, “euskara ez da soilik ikastetxeetan hitz egin behar den hizkuntza bat edo gure ondare historiko soil bat. Gaurkotasun balore bat da. Erakutsi behar diegu gure gazteei euskarazko sortzaileak ere badaudela eta teknologiak ere gure hizkuntzan garatzen direla eta kalitatezkoak direla gainera”.

Gaurkotasun politikoaz ere mintzatu da Ollo kontseilaria. Nafarroako Gobernua lanean ari da 2026ko aurrekontuen zirriborroa prestatzen. “Momentu honetan alderdien arteko negoziazioak martxan daude eta departamentu bakoitzak ere bere proposamenak lantzen dabil. Alderdi ezkertiarren arteko akordiora iritsiko garelakoan nago”. Euskararen arloan lehentasunez galdetuta, “euskara administrazioan zabaltzea, baina baita kalean eta gizartean euskararen presentzia indartzea” nabarmendu ditu Ana Ollok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!