Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu du gaur goizean Iruñean, goizeko 06:00ak aldera, lanera zihoanean. Atxiloketak Sanferminen atarian, uztailaren 6an, izandako mobilizazioekin lotura luke Gedar.eus hedabideak zabaldu duenez. Izan ere, txupinazo egunean, ohikoa den bezala, protesta politikoei ere lekua egin zitzaien Iruñeko Udaletxe Plazan.
Hainbat lagunek Israelen aurkako mezua zeraman pankarta sartu zuten, herri palestinarraren aldeko aldarria plazaratuz. Ekintza horri aurre egiteko, istiluen kontrako poliziek indarrez esku hartu zuten, Santo Domingo kalearen bukaeran tentsio uneak eraginez eta hainbat pertsona zaurituz.
Hainbat eragilek salatu dutenez, uztailaren 6an goizean goiz, karriketan barna propaganda politikoa zabaltzen ari ziren hamarnaka gazte identifikatuak izan ziren, eta horietako hainbatek isunak jaso dituzte etxean berriki. Egun berean, arratsaldean, Udaletxe Plazan elkarretaratze bat egin zen errepresioari aurre egiteko eta elkartasuna adierazteko. "Errepresioaren aurrean, klase-elkartasuna" izan zen mobilizazioaren leloa.