Datorren ikasturte hasierarako prest izanen da Arantzadiko Etxezuria, Baratzezaintza ekologikoan trebatzeko gune berria. Ikastaroak antolatzeko espazioa ez ezik, ikasleak aterpetzeko azpiegitura izanen du. Iruñeko Udaleko hirigintza bulegoak ERKI enpresaren esku utziko ditu eraikina zaharberritzeko lanak, 643.783 euroren truke. Zentroak ekoizpen ekologikoa, hezkuntza, dibulgazioa eta ekonomia zirkularra izanen du ardatz.
Eraikinak 11 x 9 metroko tamaina du, bi isurialdeko teilatuarekin eta 11.600 metro karratuko nekazaritza eremua du inguruan. Arantzadiko baratze ekologikoak Landare kontsumitzaile elkartearen esku dira gaur egun, eta 25 urtez gutxienez, haren esku izanen da Etxezuriaren beheko solairua ere bai. Bertan, erabilera anitzeko espazioak, harrera-gunea eta komunak izanen dira.
Gaineko solairuak, aldiz, laborantza ekologikoari loturiko diziplinetako ikasleen erresidentzia sortzeko izanen dira. Zehazki, lehen solairuan lau logela eta bi komun ezarriko dituzte, eta bigarrenean, erabilera partekatura bideraturiko sukalde, jantoki, egongela, ikasgela eta komuna.