Ostiralean, gizonezkoen Osasunak ez zituen uxatu jokoari lotutako zalantza guztiak, baina buelta eman zion Getaferen alde izan zen markagailuari. Hartara, Liscirenek lasaiago egingo dute lan nazioarteko partidek eragindako geldialdiak iraun bitartean.
Lehen zati eskasa jokatu zuten gorritxoek. Bordalasen taldea gehiago izan zen, bai baloiarekin, eta baita baloirik gabe ere. Ezin da esan Mayoralek 23. Minutuan sartu zuen gola merezi gabea izan zenik.
Atsedenaren aurretik, ordea, erotu egin zen partida, jokaldi polemikoak agertu ahala. Nafarrek txartel gorri bat eta penalti bat eskatu zituzten. Eta 48. minutuan, orekatu egin zuten partida, Bretonesen zartako ikusgarri bati esker.
Aldageletatik bueltan, beste urrats bat egin zuen aurrera Osasunak, baina zailtasun handiak izan zituen Getafek bere zelaian ehundutako amarauna apurtzeko. Konponbidea, azkenean, Lisciren aldaketak izan ziren. Eta Catenak heroi mozorroa jantzi zuen, Betisen aurka huts larria egin eta astebetera.
Emakumeen taldeak ere garrantzi handiko puntuak eskuratu zituen Albaceteren zelaian. Josu Dominguezenak jaitsiera postuetan ziren lehen 4 partiden ondoren, baina putzutik atera dira larunbatean 0-3 irabazi eta gero.
Gorritxoek lehen zatian puskatu zuten neurketan, orduan sartu baitzituzten hiru golak, Marina, Adri Parada eta Sarriegiren bitartez. Sailkapenean hamargarren daude orain, eta larunbat eguerdian Cacereño hartuko dute Taxoaren.
Hori guztia mintzagai Kirolerriko Osasun-etxean.