"Nolakoa izango da etorkizuneko argitaletxe bat?". Hausnarketa horretatik abiatu du Txalapartak bere berritze prozesua, garai berrietan ere "ezkerreko narratiba eraldatzaileek" bidea egiten segi dezaten. Azaldu dutenez, "egungo munduak alde handia du argitaletxearen sorrerakoarekin.
Aldaketa soziologiko, teknologiko eta ekonomikoez gain, faxismoak berrindartzen ari da eta Txalapartaren liburuetan aterpetu dira utopia anitz gainbehera joan dira". Hori dela eta, "mundua aldatzen segitzeko eta ideien batailan indartsuago izateko" forma, lengoaia eta kanal berriak behar direla nabarmendu dute, baita formatu eta gai berrietara irekitzea ere.
Tresna berri bat, Iruñeko bihotzean
Iruñeko Kale Nagusiaren 63. zenbakian ireki zuen duela ez hainbeste liburu-denda eta lantoki berria Txalaparta argitaletxeak. Eta orain, egoitza berriari kale horren eta Eslaba kalearen arteko 61. zenbakiko egoitza batu diote. Espazio berri horrek aukera berriak ireki dizkio argitaletxe nafarrari euskaldunon hiri buruzagiaren erdigunean, hala nola, hitzaldiak antolatzeko areto berri bat, liburu-denda handitzeko espazioa edota esperimentazioari irekia izanen den gune bat.