GIB-HIESAren estigma hausteko artelanez beteko da Arrotxapea

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 2a

Hamar artista nafarrek seropositibotasunaren estigma apurtzeko sortutako lanak erakutsiko dituzte Iruñeko Arrotxapea auzoko hainbat txokotan. Artelanak ikusgai izanen dira auzoko komertzioetan, urriaren 4tik 19ra.

Urriaren 4an hasita, Arte Positiboa ekimenak berriz piztuko ditu Arrotxapeako erakusleihoak. Aurtengoan, hamar artistek parte hartuko dute aldi berean Iruñean, Sare elkarteak antolatutako Arte positHIVo ekimenean. Helburua argia da: GIBari lotutako estigma soziala deseraikitzea eta gaixotasun honekin bizi diren ehunka lagunei ikusgarritasuna ematea. GIB edo Giza immunoeskasiaren birusak 100.000 nafarretik bosti eragiten die. Iaz erraterako 27 kasu hauteman ziren, eta 2023an 34. 

Arrotxapea auzoa galeria ireki bihurtuko da urriaren 4tik 19ra. Miss Bogie, Maikampanilla, Ibai Andueza, Garazi, Jaime Remírez de Ganuza, Luna Martinikorena, X8A, Kontxesi San Juan, Irati Segura eta Verónica Ferrero artistek euren sormena eta konpromisoa erakutsiko dituzte hainbat gunetan: Calzados Rotxan, Salviasen, Polikiroldegian, Txaro Modan, Zokoa tabernan eta La casa del río Ogiberri okindegian. Gainera, bisitariek aukera izanen dute euren obra gogokoenaren alde bozkatzeko, sormenaren indarra eta mezu sozialaren garrantzia baloratuz.

Pride Positiboaren laugarren edizioaren parte da ekimen hau, 2022an sortu zen GIB eta HIESA eritasunen inguruko kontzientziazioa lantzen duen Cesida koordinakundearen eskutik. Iruñean Sare GIB-HIESA elkarteak hartu du ekinbide hau garatzearen ardura.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!