Altsasuko Sunsundegui enpresan amiantoaren ondorioz hildako bi beharginen familientzako 200.000 eurotik gorako kalte-ordaina eta alargun-prestazioaren %40ko errekargua onartu du Iruñeko Auzitegiko epaile batek. Haatik, Madrilen onartu berri den Amiantoagatiko Konpentsazio Funtsa aplikatzearen ondorioz, biktimek ezin izanen dute Epaitegiak ezarritakoa jaso. Sunsundegui enpresa iaz hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta ondoren itxi egin zuten. Ondorioz, enpresaren likidezia faltagatik familia horien kalte-ordainak Konpentsazio Funtsaren gain geldituko dira.
ELA sindikatuaren Bidelagun Fundazioak bi prozesu eraman ditu aitzinera. Lehen epaian, Epaitegiak 206.051,91 euroko kalte-ordaina ordaintzera kondenatzen du enpresa. Baina familia horrek bakarrik 96.621,24 euro jasoko du, Funtsean ezarritakoaren arabera. Bigarren kasuan, hildakoaren alargunak, Sunsundeguiren egungo kaudimengabezia-egoera ikusita, ez du kobratuko epaian aitortutako alargun-prestazioaren %40ko errekargua, Funtsak ez baititu estaltzen errekarguak eta bestelako prestazioak, baizik eta kalte-ordainak soilik. Era berean, familiak orain judizialki erreklamatu dezakeen kalte-ordaina, prestazioen errekargua irabazi ondoren, 172.825,31 eurokoa izango litzateke, baina Funtsak kalte-ordain horren 64.414,16 euro baino ez lituzke estaliko.
Bidelagun Fundaziokoek salatu dutenez, obulutegiko minbiziaren eritasuna ez onartzeak genero-arrakala handitzen du, eta zuzeneko diskriminazioa eragiten du amiantoaren eraginpean egon diren emakumeengan. Azkenik, funts berriak murriztu egiten ditu onuradunak, eta kanpoan uzten ditu 35/2015 Legean jasota zeuden aurrekoak, anai-arrebak eta hurbilekoak. Esandako guztiagatik, Funtsak ez du modu integralean konpontzen, patologiak ikusezin bihurtzen ditu eta kanpoan uzten du biktimen familia-sarearen zati bat.
Bidelagunek murrizketa hori salatu du, amiantoaren biktimen oroimena "ez errespetatzeaz" gain, haien familien sufrimendua sakontzen duelako. Hildakoetako baten alabak adierazi du zein mingarria den administrazio-izapideen "moteltasuna", kontuan hartuta aita 2020ko martxoan hil zitzaiola, eta orain arte, bost urte geroago, langilearen alargunari prestazioen errekargua aitortu zaiola, eta litekeena dela errekargu hori ez kobratzea enpresaren likidezia faltagatik eta Konpentsazio Funtsak Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotzen ez dituelako. Hala, itxaronaldi luze horiekin eta ziurgabetasun horrekin, "oso zaila da dolua ixtea", dio hildako langilearen alabak.