Larrialdi linguistikoari aurre egiteko erreakzio planak ugaritzen ari dira azken aldian. Nafarroan, azken hiru urteetan, Iruñerriko eskola-komunitateetako eragile ezberdinekin elkarlanean aritu da Sortzen Elkartea, bere Euskararen Normalizazio Plana (ENP) bultzatzeko helburuarekin. Azken urteetako esperientzia horretatik edanda, bertsio berritua eta hobetua karrikaratu dute eta Nafarroako bost ikastetxetako eskola-komunitatetan plana gradualki edota osoki garatzeko xedez.
Jakitera eman dutenez, plana partzialki garatzen dabiltzan eskola batzuk egon badira dagoeneko, eta plana osoki garatzeko konpromisoa hartu du jada Txantreako Bernart Etxepare ikastetxe publikoak. Sortzeneko koordinatzaile den Iñigo Otxoaren hitzetan, “Normalizazio planaren helburua umeen %100ak euskarazko gaitasun diskurtsibo eroso bat lortzea eta umeen artean euskaran oinarritutako harremanak garatzea posible eta normala izatea da". Planak edozein eskola-komunitateren eragile bakoitzaren ardurapean dauden espazio bakoitza aktibatzea bilatzen du, neurri jakin batzuk sistematizatuz. Otxoak gehitu duenez, "gure Euskararen Normalizazio PLana Iruñerria edo antzeko euskalduntze prozesuan dauden eskualdeetarako baliagarria da, baina arnasguneetarako ere ideia asko jasotzen ditu.”
Euskararen normalizaziorako planaren atalak:
-
Hizkuntza transmisio eraginkor baterako familientzako orientazioa
-
Aisiarako politika eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza
-
Jantokia eta eguerdiko jolastokia
-
Murgiltzearen eta mantentzearen zaintza hezkuntza komunitatearen espazio ezberdinetan
-
Euskal kulturaren transmisioa, prestigioa eta atxikimendua
-
Euskararen dinamizazioa jostaldi eta ordu libretan
-
Eskola garraioa eta zerbitzu goiztiarra
-
Curriculumean hizkuntza-orduen banaketa
-
Ahozko tasuna ardatzean jarriko duen metodologia bateratua eta ebaluazio eta jarraipen sistema sortu/koordinatu