Volkswagenek suhiltzaile-zerbitzua azpikontratatu nahi duela salatu dute

Inhar Iraizotz Errekalde 2025eko irailaren 29a

Enpresako suhiltzaileen kolektiboaren barnean langile, baliabide eta formazio murrizketa izan dela salatu du LAB sindikatuak. Bidenabar, zuzendaritzak enpresako beste zerbitzu batzuk azpikontratatu nahi dituela ohartarazi du.

Hiru urteko epean enpresako suhiltzaile taldea "eredugarria" zela erratetik, "enpresa eta langileak arriskuan jartzen dituela" erratera igaro da Volkswagen Nafarroako giza baliabideen bulegoa. Argudiaketa horrekin, suteen prebentziorako zerbitzua azpikontratatzeko desmartxak abiatu dituzte, eta suteen kontrako zerbitzuaren antolakuntzarako hitzarmena berridazteko asmoa erakutsi du. 

Erabakiak asaldura sorrarazi du langileen artean, eta LAB sindikatuaren kritika piztu du. Giza baliabideen sailaren jarrera “zekena eta zitala" dela adierazi dute ohar baten bidez, eta "akordioa urratu ondotik, ondorioak erantzukizunik ez duen suhiltzaileen kolektiboaren bizkar gainean utzi nahi izatea” leporatu diete. Langile, prestakuntza eta baliabide "falta" enpresaren ardura dela ere deitoratu dute, zerbitzua kanpora ateratzeak segurtasuna eta eraginkortasuna "mehatxatzen" dituela azpimarratuz.

Enpresan bost kideko hamabi suhiltzaile brigada daude, hamabi orduko txandetan antolatuak. LAB sindikatuak azaldu duenez, egun batzuetan suhiltzaile "bakarra" egon da txanda bakoitzean, "Nafarroako Volkswagenek uko egin diolako bitarteko langileak kontratatzeari". Giza baliabideen sailak suhiltzaileen "absentismo-indize altua" nabarmendu du ere bai, zerbitzua azpikontratatzeko argudio gisa. Haatik, sindikatu abertzaleak zehaztu duenez, gainerako departamentuetako beharginen maila berekoa da eta hainbat urteetan, enpresako bataz bestekotik beheiti egon da.

Suhiltzaileak ere enpresako plantillako kide gisa hartzera behartu zuen Volkswagen epai judizial batek. 2017 urtean langileak legez kanpo lagatzeagatik epaitegira jo eta haien eskubideak aldarrikatzeko demanda irabazi zuten suhiltzaileek. Suhiltzaileen zerbitzuaren azpikontratatzea "Volkswageneko Zuzendaritzaren mendeku ekintza argia da" LABen iritziz, "langileek epaitegian lotsagarri utzi baitzuten enpresa”.

LAB sindikatuak argitu duenez, Lan Ikuskaritzak "soilik orain arteko akordioa eta bere autobabeserako plana bete zezala" agindu zion Nafarroako Volkswageni, "bestelako neurririk hartu gabe". Suhiltzaileen hitzarmenak LAB sindikatuaren babesa izan zuen, eta orain kezkaz bizi dute egoera neurriak "bestelako zerbitzuak azpikontratatzeko" aurrekari gisa izan dezakeen arriskuagatik. Haien erranetan, azpikontratatzea lantegiko beste sail batzuetara hedatu liteke etorkizunean, hala nola, nominetara, mantenura, prentsen tailerrera, formaziora edota logistikara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!