OSASUNA 1-1 ELX

Berdinketa mingarria

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 26a

Argazkia: Osasuna

Osasunak bana berdindu zuen Elxen kontra partida osoan aurretik joan eta gero

Modu mingarrian ihes egin zion garaipena atzo Osasunari. Partidaren luzapenean, huts egite garbi baten ondorioz eta ia neurketa osoan aurretik joan eta gero. Etxean galtzen dituen lehenengo bi puntuak dira hauek.

Aldaketa gutxi hamaikakoan. Iker Benito Rossier zigortutakoaren ordez, eta Moi Gomez Ruben Garcia ordezkatuz. Lixik joko molde eta sistemari eutsi zion.

Elxek baloiarekin eta Osasunak presio eginez abiatu zuten partida. Hamargarren minutuan iritsi zen gorritxoen gola, eta a zer nolako gola Victor Muñozena, Elxen areara iritsi aurretik zartakoa eman zion baloiari eta ezkerreko eskuairatik sartu zen ziztu bizian.

Talde gorritxoaren minuturik onenak izan ziren eta bigarrena lortzeko aukerak izan zituen lehen zatian. Bigarrenean berriz, Elxek aurrera pausoa egin zuen, baloiaren jabe egin zen eta aukera garbiak izan zituen gola egiteko, besteak beste Rafa Mirrek egindako jaurtiketa, langara joan zena gorritxoen zorionerako edota Herrerak atepetik atera zuen Alvaro Rodriguezen erremate argi bat.

Partidaren azkeneko 20 minutuetan iritsi ziren Osasunan aldaketak eta zelairatu berri zen Raulek gol aukera garbia izan zuen bigarrena sartzeko. Baina partidaren hondarrean Pedrosa Sergio Herreraren areara iritsi, atezainari baloia ihes egin eta aurrelariak banakoa sartu zuen. Erreakziorako denborarik gabe, mutu geratu zen Sadar futbol zelaia eta burumakur sartu ginen ohean atzo.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!