Urriaren 26an goizeko 11:00etan Saray Elkarteak arrosaz jantzi nahi du Iruñea. Itxaropena arrosaz janzten da goiburuarekin antolatu du hamalaugarren lasterketa solidarioa bularreko minbiziaren aurka egiteko.
Bizitza, indarra eta komunitatea irudikatu nahi dituzte Saray Elkartetik abian jartzen dituzten ekintza guztietan. Bularreko minbizia da emakumeen artean intzidentzia gehien eragiten duen gaixotasuna: 500 kasu inguru diagnostikatzen dituzte urtero. Elkarteak babesa eskaintzen die emakume horiei, psikologikoa, emozionala, fisioterapia zerbitzua, lan-arloko aholkularitza eta ileorde eta titi-zorro bereziak ere bai.
Arrosa izan dadila nagusi lasterketaren egunean, eta doinua ere, arrosa kolorekoa izanen da aurten: Saray Elkarteko kriskitin jotzaileekin elkarlanean aritu da La Pamplonesa musika banda.
12.000 dortsal eta beste hainbeste kamiseta arrosa saldu nahi dituzte, bakoitza zortzi euroan. Online eros daitezke Saray Elkartearen webgunean edo El Corte Ingles saltokian. Egun horretan parte hartu ahal ezin duenak, zero izeneko dortsala ere eskuratu dezake diru ekarpen bat eginez. Bularreko minbiziaren aurka lan egiten duen elkarteak dagoeneko 584.000 euro bideratu ditu ikerketa alorrera.