Manifestaldi jendetsua espero da datorren urriaren 4ean Iruñean. Israelek Gazako zerrendaren kontrako ofentsiba abiatu zuenetik bi urte beteko diren honetan, palestinar herriaren askatasunaren alde mobilizatzen segitzeko deia luzatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak.
Manifestaldia Antoniutti parketik abiatuko da eguerdiko 12:00etan, eta Iruñeko etorbide nagusiak trabeskatuko ditu, Sarasate pasealekuan bururatzeko. Mobilizazioarekin, Israelgo entitate sionistaren desegitea aldarrikatzearekin batera, azken bi urteotako genozidioaren «konplizeak» seinalatu nahi dituzte.
Helena Bengoetxea eta Garazi Robres eledunek agerraldian azaldu dutenez, «izugarri larriagotu da egoera azken bi urteetan, eta are gehiago larriagotzen ari da azken hilabeteetan, bereziki Gazako palestinarrentzat. Bestalde, ezin da ahaztu Zisjordaniako palestinarren egoera, Israel lurralde osoa anexionatzeko prozesuan aurrerapausuak ematen ari baita, iparraldea eta hegoaldea bereiziko duten koloniak eraikiz».
Mendebaldeko gobernuen adierazpenak
Zenbait agintari, tartean Espainiako erregea, bi estatuen aterabidea mahai gaineratzen ari diren honetan, plataformak adierazi du proposamen hori «bideraezina» izateaz gain, «Israelen proiektu koloniala zilegiztatzen duela» eta Europako agintariek genozidioaren ardura «gainetik kentzeko» baliatzen dutela. Plataformaren iritziz, «kolonialismoarekin ez da elkarbizitza posiblerik». Hortaz, Palestina osoaren «deskolonizazioa» aldarrikatu dute, eta ondorioz, «Israelgo estatu kolonialaren desagerpena».
Palestinar erresistentziari babesa eta konplizeen kontrako borroka
Bi aldarri nagusi egin ditu plataformak. Batetik, «palestinar erresistentziaren defentsa». Palestinak bizi duen egoeraren ardura erresistentzi palestinarraren gain kokatzen duen «diskurtso kriminalizatzailea» salatu dute plataformako kideek, eta Palestinak «bere burua defendatzeko eskubide osoa» duela babestu: «bere erresistentziagatik ez balitz, palestinar herria aspaldi legoke desagertuta».
Bestetik, Israelen konplize diren gobernu, alderdi eta enpresak presionatzen jarraitzeko deia egin du: «Israel sorreratik izan da Estatu Batuetako eta Europako politikari eta enpresarien aliatua, eta adierazpen hutsalen gainetik, gaur egun horrela izaten jarraitzen du. Hortaz, genozidioaren amaiera ez dute ekarriko nazioarteko komunitateari egiten zaizkion eskaera inpotenteek, Espainiako gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien keinu hutsalek, ezta agintarien adierazpen hipokritek». Plataformaren iritziz, genozidioaren amaiera «gobernu, enpresa eta alderdien konplizitatearen aurka internazionalki borrokatuz» lortuko da, eta horretarako «mobilizazioa, boikota eta ekintza zuzena» zehaztu dute jorratu beharreko bide gisa.