Urriaren 8an abiatuko da Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloa. Hilabete osoan zehar, urriaren 29ra bitartean, lau lan taularatuko dituzte Nafarroako Antzerki Eskolaren oholtzan. Aurten gainera, antzerki zikloak 30 urte bete ditu. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Nafarroako Antzerki Eskolako leihatiletan eta webgunean. Euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako euskara ikasleek deskontua dute sarreretan.
Dejabu konpainiaren 'Itzulera' lanak emango dio hasiera zikloari. Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Miren Alcala eta David Aguilarrek antzeztua, Iara Solanaren zuzendaritza artistikoa du obrak. Umorez, irudimenez eta poesia bisualez betetako “road movie" bat da, antzerkia eta zuzeneko zinema uztartzen dituena.
Bigarren hitzordua hilaren 15ean izango da eta Ados Teatrok lehenengo aldiz '52 Hertz' aurkeztuko du Nafarroan. Joseba Apaolazak, Ainhoa Aierbek, Dorleta Urretabizkaiak, Martxelo Rubiok, Amaia Irazabalek eta Aitzol Iraolak interpretatuko dute antzezlana. 52 Hertzek erreferentzia egiten dio azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat lekutan erregistratutako soinu arraro baten maiztasunari, balea urdin baten kantuaren antzekoa.
Zikloko hirugarren proposamena, hilaren 22an: 'Mendia'. Mikele Urroz Zabalza eta Lucia Ezker Rekalderen lanak "mendizale bat du ardatz, mendia utzi eta familiarteko baten errautsak uzteko bertara itzultzeko deia egiten duena".
Antzerki zikloa ixteko Txalo Produkzioak taldearen 'Arizona' da proposamena. Kepa Errastik itzulitako Juan Carlos Rubioren testu bat du ardatz eta Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola antzezleak igoko dira oholtzara; Margareth eta George pertsonaien gibelean sartuko dira. Mugara eramandako bi pertsonaia dira, "parodiarik zoroena eta tragediarik gordinena banatzen ditu".