KIROLERRIA

Akituta, haserre eta punturik gabe

Eñaut Agirrebengoa 2025eko irailaren 22a

Osasunaren bi talde nagusiek emaitza berarekin galdu zuten: 2-1. Gizonezkoek ezin izan zuten punturik lortu Vila-realen zelaian, ezta emakumeek ere Tenerife B-ren aurka.

Sariren bat lortzeko moduan izan ziren gorritxoak Vila-realen kontra, neurketaren erdia hamar jokalarirekin jokatu arren. Ordea, azken txanpan dena izan zuten kontra: zortea, epaileen jarduna, eta gola egiteko erraztasuna.

Osasunaren gola penaltiz iritsi zen, atsedena ate joka zela. Nola ez, Budimirrek sareratu zuen baloia. Ordurako, jokalari bat gutxiagorekin zen Lisciren taldea; izan ere, Rosierrek bi txartel hori ikusi zituen oso tarte laburrean.  

Gero, gotortu egin zen Osasuna. Ezinbestean, Vila-real oso gogor oldartu zitzaiolako. Sergio Herrera ikusgarri aritu zen atepean, baina ezin izan zuen galarazi etxekoen lehen gola. Ezta bigarrena ere, Pape Gueyek taldekide baten jaurtiketa aterantz desbideratu zuenean.

Osasunak, dena den, ez zuen amore eman, eta bi aukera garbi izan zituen berdinketa lortzeko, biak ere Raulen oinetan. Aurrelaria, halaber, zango-trabatu egin zuten area barruan, eta penaltirik ezean, neurketa amorru eginda bukatu zuten gorritxoek. Hamahirugarren daude orain sailkapenean.

Emakumeek, berriz, igo berria den talde bati egin zioten bisita: Tenerife B-ri, hain zuzen. Etxekoek bi gol egin zituzten bi minutuan, lehen zatia amaitzear zela, eta horrek erabat baldintzatu zien norgehiagoka gorritxoei. Ana Urzainkik markagailuko aldea murriztu zuen 70. minutuan, baina beste golik ez zuen sartu Josu Dominguezen taldeak. Sailkapenean hamargarren geratu da, jaitsiera postuen atarian.

Hori guztia aztergai Osasun-etxeko solasaldian. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!