Iruñeko Udalak bi euskara itzultzaile plazarako oposizioa deitu du

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 19a

Azterketak hiru atal izango ditu: bi praktiko eta teoriko bat. 2026ko otsailetik aurrera hasiko dira probak eta A mailako plazak dira; bat txanda librekoa eta bestea igoera txandakoa.

Iruñeko Udalaren zein haren erakunde autonomoen zerbitzura euskara itzultzaile aritzeko bi plazarako oposizio deialdia zabaldu du Udalak. Funtzionarioen araubideko A mailako plazak dira, bat txanda librekoa eta bestea igoera txandakoa. Eskakizun nagusia C1, EGA edo baliokidea den euskarako ezagutza-maila da. Aurreikuspenen arabera, datorren urteko otsailetik aurrera hasiko da azterketa.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da izen emateko epea eta hogei egun naturaleko epea izanen da izena emateko. Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira www.pamplona.es webgunean. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa da.

Hiru probako oposizoa

Oposizioak hiru proba izanen ditu, bi praktiko eta teoriko bat. Lehenengo proba gehienez ere hiru ordutan egin beharko diren hiru ariketa izanen ditu eta gehienez ere 60 puntu eskuratu ahalko dira. Lehenengo ariketa: epaimahaiak emandako bi testu itzuli beharko dira gaztelaniatik euskarara, bat juridiko-administratiboa eta bestea teknikoa edo dibulgaziokoa (24 puntu lortu daitezke gehienez). Bigarren ariketa: epaimahaiak emandako testu bat itzuli beharko da euskaratik gaztelaniara, gehienez ere hamasei puntu lortu ahalko dira. Hirugarren ariketa, hogei puntu gehienez, epaimahaiak emandako testu baten zuzenketa egin beharko da.

Bigarren proba praktikoa izanen da eta aldibereko interpretazio-proba bat, euskaratik gaztelaniara egitekoa. Gehienez, hamabost minutuko iraupena izango du eta 30 puntu lortu daitezke. 

Azkenik, hirugarren proban, teorikoan, bi ariketa egin beharko dira. Lehenengo ariketa: gehienez ere 60 galdera erantzun beharko dira idatziz eta laburki, 50 puntu lortzeko. Bigarren ariketa: gai-zerrendako bigarren atalean jasotako gaiei buruzko hogei galdera izango dira test moduan; gehienez hamar puntu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!