Burdinazko azpiegiturak herdoildurik, kaltetutako sasi-sabaiak edota ibiltzen ez diren ur sistemak. Sa Agustin karrikako Aquaboxa 6,5 milioi eurotan eraiki zuen Yolanda Barcinaren udalak 2009 urtean, eta hamasei urte beranduago, bainu-etxearen eraikinak huts egin du. Gutxienez 5,4 milioi euroko konponketa sakonak egin ezean, eraikina itxi beharko dela segurtatu du Joxe Abaurrea hirigintza eta etxebizitza zinegotziak.
Iruñeko Udalak jada 863.000 euroko inbertsioa egin behar izan zuen 2024 urtean, lehentasunezko konponketak egiteko, besteak beste, 34º-ko igerilekuaren klimatizazio-sistema berritzeko edota igerilekuen azalera isolatu eta iragazteko.
Iruña Biziberritzen S.A. udal sozietateak heldu den irailaren 25ean hausnartuko du eraikinaren egoera auzitan jartzen duen txostena. Ikerketa horrek bost agertoki planteatzen ditu, bai eraikinean obrak gauzatzeko, bai Aquavoxaren kudeaketa eta ustiapenerako zerbitzu-kontzesio urteak zehazteko. Bost agertoki horiek 5,4 milioi euroko inbertsioa dute abiapuntuan, 15, 20 edo 25 urtera amortizatu daitezkeenak
Txostenak zahar-berritze lanak gauzatzeko eredu desberdinak proposatzen ditu. Eredu batzuen arabera, udalak bi milioi euroko inbertsioa aurreratu lezake lanak garatu daitezen. Beste ereduek, kontzesioaren jabearen esku utziko lukete obren kostu ekonomiko osoa. Amortizazio epeak 15 eta 25 urteen artean kokatuko lirateke, eta lanen kostu osoa 10,7 eta 16,3 milioi euro artekoa izanen litzateke, aukeratutako aterabidearen arabera.Aurreikuspenen arabera, behin betiko erabakia 2026an hartuko da, eta urte horretan bertan obra eta zerbitzua lizitatzeko aukera izanen da.