Gaur egungo errealitateak eta inguruak bizitza indibidualagoa izatera garamatza. Baina aldi berean, esparru ezberdinetan proiektu eta ekimen kolektibo eta herrikoi ugari garatzen dira. Horietako eredu bat Alde Zaharreko Kluba da. Kirolerako ez ezik, komunitaterako, lanerako eta prestakuntzarako guneak ere eskaintzen dituen herri ekimena.
Alde Zaharreko eskola komunitariotik sortutako proiektua da. Ulises Dometx, AZK-eko kidea: "Auzoan txikiekin eta gazteekin jarduera ezberdinak egiten dira eta hau bestelako esparruetara eraman nahi genuen. Kirola gustora egoteko, aisialdi alternatibo bat eskeintzeko eta, aldi berean, auzo kolektibo eta komunitario bat eraikitzeko tresna izan daiteke.”
Auzoko kideek sortu eta antolatzen dute. Hasiera batean helburua auzoan zeuden kirol taldeak batzea zen, baina denborarekin klubak nortasun propioa garatu du. Enara Mitxelena, AZK kidea: "Ez gara klub pribatu bat. Guk aurrera eramaten dugun guztia boluntario moduan egiten dugu. Gure lana ere bada kirolari horiei ikustaraztea kluba aurrera ateratzeko auzolana beharrezkoa dela, eta honek eskatzen duen lana.". Aurten saskibaloia eta boxeo talde berriak sortuko dituzte, martxan zeuden eskubaloi, futbol sala eta trail taldeekin batera arituko direnak.
Talde berriekin batera lagun gehiago batuko dira eta auzoan kirol-ekintzak modu egokian garatzeko espazio baten beharra aldarrikatu dute. Ulises Dometx: "Auzoan kiroldegi bat behar dugu, oraingo instalazioak ez direlako nahikoak.". Orain arte eskeini dizkieten espazio ezberdinetan moldatu behar izan dira, baina ez dira baldintza egokienak izan eta honetan lan egiten ari dira. Enara Mitxelena: "Kirola egiteko espazio egokitua eta aproposa behar dugu. Kirola ekintzetaz gain, elkartaratze puntu gisa eta gure jarduerak aurrera eramateko funtsezkoa izango dena."