Osasuna taldeko dendako langileek lan baldintzak nabarmen hobetu dituzte grebari esker

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 25a

Sadar futbol zelaiko arropa dendako langileek greba deialdia egina zuten, haien baldintzak hobetzeko. Borrokak fruituak ematen ditu eta gaur lan hitzarmen berriarendako akordioa lortu dutela iragarri dute langileek.

7 langile ditu Osasuna futbol taldeko Sadar zelaiko arropa dendak. Hilabeteak dira, taldearen zuzendaritza eta Macron arropa markarekin negoziaketak ireki zituztela haien lan baldintzak hobetu nahiean. Abuztuaren 24an greba deitzea erabaki zuten, Sadarreko Ligaren lehen partidarekin batera. Deialdi horren ondorioz, akordio bat sinatzea lortu da, orain arte zituzten lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituena.

Zehazki, sinatutako hitzarmenak hobekuntza hauek jasotzen ditu:

  • Hiru urteko indarraldia (2025-2027).
  • Soldata-igoera % 10 eta 12 artekoa izango da 2025ean, eta Nafarroako KPIaren bermea hurrengo bi urteetan.
  • Antzinatasuna aitortzea, laurteko bakoitzean % 5eko igoera gehigarriekin.
  • Urteko lanaldia 86 ordu murriztea.
  • Ordu osagarriak legezko gutxienekora mugatzea, asteko zenbaketan, eta ordu osagarriak zein aparteko orduak egitea egin eta hurrengo hilabetean ordaintzea.
  • Betetzen dituzten funtzioen araberako lanbide-kategoriak aitortzea.
  • Urteko lan-egutegia, ordutegi eta txandak zehaztuta.

Enpresan ordezkaritza sindikala duen ELA sindikatuak positibotzat jo du lortutako akordioa, eta azpimarratu du berriro ere egiaztatu dela langileen antolaketa eta mobilizazioa direla lan-baldintza hobeak lortzeko bidea, baita enpresa txikietan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!