Tirabiraka Sarasate Pasealekuko estatuekin

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 22a

UPNren salaketari jaramonik ez eta estatuak Sarasatetik Takonerara lekualdatzeko lanen proiektua lizitatu du Iruñeko Udalak. "Zorroztasun falta" eta erabakien aldebakartasuna salatu ditu UPNk.

Tirabirak eragin dituzte Sarasate pasealekuko estatuek, baina azkenik, piezak lekualdatzeko proiektua lizitatu dute. 155.577 eurotan esleitu dira Sarasatetik Takonerara eramateko lanak.

Beraz, obrak baimenduta, lanak gehienez hamar eguneko epean hasiko dira. Irudiak lekualdatzeko eta lehengoratzeko beharrezko jarduketez gain, indusketa- eta zimendu-lanak egingo dira kokapen berrian.

Domenico Olivieri eskultore italiarraren tailerrean sortutako estatuak dira, 1885ean Madrilen erosiak, xehetasun gutxiz zizelkatutako bisaiarekin; jatorrian Madrilgo Errege Jauregirako asmatutako irudiak baitziren.

Abuztu hasieran jakin genuen UPNren nahasteko asmoak eraginik gabekoak izanen zirela. UPNk eskulturen lekualdaketa gelditzeko eskatu zuen Alde Zaharreko Barne Erreformarako eta Babeserako Plan Berezia urratu eta hau moldatzea eskatzen duelako. Baina “kokapen aldaketa ez da atzeraezina", eta beraz, Administrazio Auzitegiak berretsi du Vianako Printzea erakundeak esandakoa: Ez dago frogarik ondorioztatzen duenik lekualdaketarekin kalte egingo zaiela eta proiektuak kultur ondasunaren mantentzea eta babesa ziurtatzen du. Gainera, kokapen berrian, eskulturek egungoaren babes-maila bera izanen dute.

Hala ere, badirudi UPN ez dagoela erabakiarekin ados. Iruñeko alkatearen "zorroztasun falta" kritikatu du alderdiak "Sarasateren eskulturen lekualdaketarekin aurrera jarraitzen duelako". Ebazpen judizialaren zain egon beharrean, aldez aurretik Erreformarako eta Babeserako Plan Berezia aldatzea erabaki duela salatu du alderdiak; izan ere, UPNren hitzetan “egungo planarekin ezin dira beste leku batera eraman”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!