“Camino Oscoz bezalako eredu feminista, errepublikazale eta aurrerakoiak Iruñeko hiri paisaian goraipatu nahi ditugu”

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 21a

Iruñeko Alde Zaharreko haur eskola publikoak izena aldatuko du eta Camino Oscoz, Errepublika garaiko irakasle komunista errepresaliatuaren izena hartuko du. Horrela erabaki du Hezkuntza Departamentuak, eskola familiek, hezitzaile, langile eta zuzendaritzak martxan jarritako ekimenari erantzunez.

“Eskolako komunitatea batu gara sinadura bilketa batean izen aldaketa eskatzeko” azaldu du Euskalerria Irratia Joseba Ezeolaza, memoria historikoan aditua eta eskolako gurasoa, “Memoria historikoa, memoria feminista eta memoria historikoa, eskola publiko batean biltzea oso aproposa iruditzen zitzaigun”. Izena ez dute nolanahi hautatu, “Camino Oscoz Santo Domingo kalean jaio eta bizi izan zen eta bertan ere atxilotu zuten, haur eskolako sarreratik metro gutxira” aipatu du Ezeolazak.

“Camino Oscoz maistra errepublikazalea zen, alderdi komunista eta Socorro Rojoko militantea zen” azaldu du irratian Oscozen figura liburu batean landu zuen Joseba Ezeolazak, “Guesan egon zen irakasle eta bertan genero berdintasuna bezalako kontzeptuak lantzen hasi zen edo ta eskolarendako material modernoen eskaria borrokatu zuen. 1936ko uztailean atxilotu zuten falangistek eta handik hamar egunera Urbasatik amildu zuten”. Alde Zaharreko eskolari Maria Camino Oscoz izena jartzea beraz, memoria historiko ariketa da. “Iluntasunetik atera behar ditugu horrelako adibideak, gaur oso barneratuak ditugu genero berdintasunari buruzko kontzeptuak, baina duela ia ehun urte Camino Oscoz hasi zen horiek lantzen Guesako eskolan; beraz eredu feminista, errepublikazale eta aurrerakoiak Iruñeko paisai urbanoan nabarmendu nahi ditugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!