Neurria gaur bertan indarrean sartzea zegoen aurreikusita, baina ebaluazio tekniko osagarriak egin ahal izateko itxiera atzeratzea erabaki duela argudiatu du Iruñeko udalak.
Bestalde, UPNk Iruñeko Udalean duen udal taldeak presasko eta premiazko itxiera dela egotzi dio udalari, "ez baitago neurri hori babesten duen ikerketa teknikorik edo txosten zorrotzik, irtenbiderik onena itxiera dela bermatzen duenik. Egunean 5.000 ibilgailuk zeharkatzen dute bide hori eta UPNk salatu du, ez dela ebaluaziorik egin neurtzeko horrek nola eragingo dion inguruko trafikoari.
Eskirotz kaleko biribilguneen eta Fuente del Hierro kalearen luzapenaren arteko zatia da trafikoari itxi nahi dioten tartea. Izan ere, inguru horretan izandako istripuek gora egin dute azkenaldian. Datuei erreparatuta, 2020. eta 2025. urteen artean 135 istripu zenbatu izan dira tarte horretan eta horietatik 54 bidearen estutasunarengatik izan dira.
Udaleko teknikariak orain, baloratzen ari dira berariaz baimendutako ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izatea, norabidea ere moldatzea edota bestelako kontrol sistemak ezartzea errepidean.
Hartara, errepidea Udalaren jabetzakoa den heinean, Sarbide Kontrolatuko Eremu bihurtuko litzateke, eta sarbideak Iruñeko Udalak duela gutxi jarritako segurtasun-kameren bidez zainduko lirateke.