Gaurtik aurrera eman daiteke izena gazteriaren etxeak udazkenerako antolatzen dituen jardueretan. 988 leku eskainiko dituzte ikastaro eta tailerren artean. 51 jarduera ezberdin prestatu dituzte, tartean kirola, dantza, kultur ikastaroak eta informatika tailerrak izango dira.
14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduerak dira proposatutakoak eta adin tarte horretako Iruñean erroldatutako gazteek eman dezakete izena gaurtik aurrera. Gainerako gazteek eta 31 eta 35 urte bitartekoek abuztuaren 25era arte itxaron beharko dute libre dauden jardueretan izena eman ahal izateko; eta edozein kasutan, izena emateko azken eguna irailaren 19a izango da.
Guztira, 37 ikastaro eskaintzen dira, lau eremutan banatuta. Hamar kirol ikastaro; bederatzi dantza eta adierazpen ikastaro; sei estetika eta ongizate ikastaro; eta hamabi ikastaro kultural eta garapen pertsonal eta profesionalari buruzkoak. Jarduera gehienak elebiz eskainiko dituzte, beraz behintzat euskarazko talde bat egongo da jarduera gehienetan.
Ikastaroen prezioa 9,20 eurotik 45,60 eurora bitartekoa da, ordu kopuruaren eta izena ematen duen pertsonaren adinaren arabera. Berrikuntza gisa, Gazteriaren Etxeak bi jarduera proposatu ditu goizetarako, Pilates eta Entrenamendu Funtzionala, astearte eta ostegunero, gainontzeko jarduerak ohi bezala arratsaldez izango dira.
Izen emateko Gazteriaren Etxean egin behar da NAN txartelarekin eta momentuan ordainduta. Jardueren zerrenda kontsultatzeko informazio osagarria pamplonajoven.es webgunean kontsultatu daiteke.