Bero bolada: alerta horia eta sute arriskua

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 5a

Termometroa 37 graduen bueltan izango da egunotan eta arriskua asteburura arte luzatuko da. Baso suteen arriskua ere iragarri dute egunotarako, eta horretarako, prebentziorako martxan jarritako kanpaina gogorarazi dute.

Bero bolada bereziki asteazken honetatik aurrera hasiko da nabaritzen Nafarroan, eta Foru Erkidegoko lurraldearen zatirik handiena abisu horian izango da tenperatura altuengatik. Abisua asteazkenerako iragarri dute momentuz, baina tenperatura beroak igandera arte luzatuko dira.

Biharko aurreikuspenaren arabera, Erdialdean eta Ebroko Erriberan 36 gradukoa izango da tenperatura eta Pirinioetan 34 gradukoa.  Ostegunean, Erriberan abisu laranja ezarriko dute 39 gradura iritsi daitekeelako termometroa eta Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan 37 graduen inguruan izango da tenperatura.

Gainera, tenperatura altuen eraginez eta prezipitazio gutxien ondorioz, baso suteen arriskua "muturrekoa" izango da gaurtik aurrera Nafarroa ia osoan. Hala iragarri du AEMET meteorologia agentziak eta SOS Nafarroak bere aldetik, suteak sor ditzakeen edozein jarduera saihestea gomendatu du. Sutea gertatuz gero, 112ra lehenbailehen deitu eta autobabeseko neurriak jarraitzea.

Nafarroako Gobernuak kanpaina bat abiatu du landa-eremuan suteak prebenitzeko. Material erregaiak ezabatzea eta arriskua oso handia denean sua sortzen duten jarduerak saihestea dira aholku nagusiak. Informazioa zabaltzeko bideoak ere argitaratu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!