Iruñeko frontoi nagusiak ezagutzeko bisita gidatuak abendura arte luzatu ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 30a

Iruñeko pilotaren historia, emakumeen historia, frontoiak, materialak, jokoaren errituak edota pilota modalitateak ezagutuko dira bisitan. Doakoa da eta aldez aurretik eman behar da izena.

Iruñeko frontoi nagusiak ezagutzeko bisita gidatuak abendura arte luzatu ditu Iruñeko Udalak. 'Ibilbideak Iruñeko euskal pilotaren historian zehar' du izena bisitak eta hiriko frontoi nagusiak zeharkatzen ditu.

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean hasten da bisita, ondoren Mañuetako frontoia, Gazteluko plaza, Jito Alai eta Labrit frontoia bisitatzen dira. Iruñeko pilotaren historia, emakumeen historia, frontoiak, materialak, jokoaren errituak edota pilota modalitateak ezagutuko dira; eta bisitaren amaieran eskupilota emanaldi bat ikusteko aukera izango da.

Gehienez 25 pertsonako taldeak izango dira eta bisita doakoa da. Euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira bisitak eta bertaratzeko Visit Pamplona webgunean eman behar da izena.

Hauek dira gaineratutako data berriak:

  • Abuztuak 14, 19:00etan.
  • Abuztuak 21, 19:00etan.
  • Abuztuak 28, 19:00etan
  • Azaroak 7, 18:00etan.
  • Abenduak 5, 18:00etan.
  • Abenduak 18, 18:00etan.
  • Abenduak 27, 18:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!