Atzean geratu da Iruñean festa giroa; dena biltzen eta egunerokora itzultzeko asmotan ikusi ditugu bizilagunak, ostalariak eta jai eremuetan parte hartu duten guztiak. Garbiketa eta antolaketa eguna izaten da hiri buruzagian uztailaren 15ekoa. Balantzea egiteko eguna, ere bai: "Giro aparta sortu da sanferminetan eta herritarrak zoriondu nahi ditut horregatik", adierazi du Joseba Asiron alkateak. Dena ez da baina larrosa kolorekoa izan. Jai giroan beltzuneek ere izaten dute tartea, eta horrek mugatzen du festa borobila izan dela esatea: "Datu hotzei begiratuta, intentsitate handiko eraso sexistek %50 egin dute behera eta %40 arinagoak dira; hala ere, 2 intentsitate handiko eraso eta 12 txikiko jasan dituzte beste hainbeste emakumek", adierazi du Berdintasun zinegotzi Zaloa Basabek.
Egitarau ofizialeko ekitaldietan 1,6 milioi herritarrek hartu dute parte, iaz baino zertxobait gutxiagok, baina kontuan hartu behar da iaz bi asteburu oso izan zituztela sanferminek. Su-festek eta erraldoi eta kilikien kalejirek bildu dituzte jende kopururik handienak: "430.000 lagun izan dira su-festaren batean eta 185.000 lagun erraldoi eta kilikietan", esan du Maider Beloki kultur zinegotziak. Haur eta nerabeentzako ekimenetan, familia giroa nagusi den horietan 250.000 lagun batu ziren: izan birjolastun, kirolarin, entzierro txikietan edo zezensuzkoetan. Musika emanaldi eta kontzertuek ere jendetza pilatu zituzten: 370.000 lagun: "Rozalen abeslariak 28.000 herritar erakarri zituen eta Duplak eta Zea Maysek 18.000", nabarmendu du Belokik.
Segurtasunari dagokionez ere jaitsi egin dira lapurretengatik jarritako salaketak: "Lasaitasuna eta normaltasuna izan dira Segurtasunerako Batzordean egunero gehien entzun ditugun hitzak. Salaketek %19 egin dute behera", jakinarazi du Endika Alongo Segurtasunerako zinegotziak.
Udalbatzarentzat unetxoa izaten da prozesioarena: "Errespetua gailendu dela esanen nuke, nahiz eta sobran izan diren zenbait irain, kantu eta oihu", esan du Asironek.
Hotelak %85ean izan dira beteak, bisitari gehienak estatu batuetatik eta frantziatik etorritakoak izan dira, zabor eta beira bilketa %1,2 handitu da, villavesen grebaren ondorioz bidaiari kopuruak %22 egin du behera eta Caritaseko tonbolak inoizko txartel gehien saldu ditu festa egun hauetan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!