Sanfermin jaiak ate joka eta horrekin batera indarkeriari aurre egiteko protokolo, mezu eta sentsibilizazioa. Agerraldia egin zuten atzo Udaletxe plazan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak deituta. Jai eremuetan gertatzen diren eraso sexistekin bukatzeko garatu dituzten berrikuntzak aurkeztu zituzten.
Emakumeei dei egin diete “eremu publikoa” okupa dezaten eta “sanferminez nahi duten moduan eta nahi dutenarekin goza dezaten, sanferminak ere gureak direlako”.
Nobedadeen artean protokolo berri bat iragarri dute. Aurten oraindik ez dute martxan jarriko, baina Iratxe Alvarez mugimendu feministako kideak adierazi bezala denbora beharko dute: “protokoloa bere osotasunean berrikusten ari gara, ahuleziak eta indarguneak bereiztuz”. Izan ere, hamahiru urte igaro dira Gora Iruñea taldeak eta plataformak berak eraso sexistei erantzuteko protokoloa eratu zutenetik.
Hala ere, aurreko urteekin alderatuta aldaketa batzuk egongo dira: protokoloaren ardura plataformak izango du, arreta eskaintzen duten baliabide publikoak egongo dira eskuragarri eta baita 24 orduz zabalik dagoen SIAIZ sexu indarkerien arreta integraleko zentroa ere.
Telefono zenbaki bat (660 34 46 92) eta helbide elektroniko bat (nomasviolenciasexista@gmail.com) jarri dute eskura, “emakumeek eta sexu-genero disidenteek, nahi izanez gero, euren erasoen berri eman diezaioten mugimendu feministari”.
Mobilizazioa egingo dute bihar Baratxuri plazatik abiatuta, iluntzeko 23:00etan, ‘Matxirulos, se os acabó la juerga; feministok antolatuta gaude lelopean’. Bestetik, uztailaren 11n Feministok Fest eguna antolatu dute.