SANFERMINAK 2025

Zezenak bizirik dituen sanferminak aldarrikatuko ditu Iruñea Antitaurinoak

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 1a

Uztailaren zazpian, arratsaldeko zazpietan, zezen plazan sei zezen hiltzen ari diren bitartean, Iruñea Antitaurinoak iruindarrok sanferminzaleak garela eta ez zezenzaleak aldarrikatzera aterako da kalera.

“Aldaketak eta aurrerapenak izan dira” azaldu du Iruñea Antitaurinoko Iban Agerrik zezen plazaren atea aurrean egindako agerraldian, “Debekatuta daude txakur-borrokak, oilar-borrokak, antzara biziei lepoa kentzea Leketion, asto-lasterketak Gasteizen, poniek botatako karruselak eta abar, eta debekatuta dago, halaber, ahuntzak kanpandorretik botatzea. Hurrengo urratsa zezenketekin amaitzea izango da”. Sanferminei beraz aurrera urratsa egitea tokatzen zaie. “Hiriak etorkizuneko sanferminei buruz hitz egin behar du, egungo herritarrek erabaki behar dutelako zer jai nahi dituzten. Tradizioa bai, baina ez denak, ezta edozein preziotan ere. XXI. mendean gaude, eta jada ezin da onartu animaliak hil arte torturatzea, inolako aitzakiarekin, baina are gutxiago, jaietako arratsalde baten, askari handi baten eta parranda handi baten zati gisa. Animaliei tratu txarrak ematea ezin da festa baten parte izan”.

Zentzu horretan Peñei eta bestelako festa eragileei ere hausnarketa eta pausuak eskatu zizkien zezenketen kontrako plataformak: “Badakigu eguzkitako jende gehiena ez dela joaten zezenak gaizki tratatzen eta hiltzen ikustera, baina berdin gertatzen da, begiratu ala ez, "yeye neska" ren erritmoan. Ezin da krudelkeria hori hutsaldu edo fribolizatu. Peñetako txarangarik gabe, Iruñeko zezenketek ez dute etorkizunik. Horregatik, peñei eskatzen diegu etorkizuneko sanferminei buruz hausnartzeko eta zezenketarik gabeko jaietarako bidea errazteko, aldaketa sozial askoren bultzatzaile eta jai-giroko eragile nabarmenetako bat diren aldetik”.

Uztailaren zazpian, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko Udaletxe plazatik abiatuko da zezenketen kontrako kalejira Elektrotxaranga eta gaiteroen musikaren laguntzarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!